XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Deklinabide atzizkiei, aditz jokoari eta horrelakoei begiratzen diegu batipat, gramatikari dagozkionetan.

Gordeagoak gertatzen zaizkigu, beharbada, egitura sintaktikoei dagozkienak.

Testua aski erraz ulertzen badugu, ez gara askotan ohartzen nolako egiturak erabiltzen diren bertan, gaur egun ere ohizkoak diren ala berezi samarrak ote diren.

Horrelakoxeak dira, hain zuzen ere, artikulu honetan aztergai hartuko ditudan egiturak.

Batzuk Arruek bere-bereak dituela esango nuke, euskara landu beharraren beharraz aukeratuak, X ote, edo Y...zen gisakoa, esate baterako.

Beste batzuk ordurako ere zahar-kutsua bazutenak izan daitezke, X-rekin Y egitura kopulatiboa, adibidez.

Beste batzuk, azkenik, haren leku-denborei dagozkienak dira, -(e)na bezala itxuraz moduzkoa den perpausak har dezakeen balio esplikatiboa, konparazio baterako.

Hartara jarriz gero, beraz, horrelako egitura berezi bat baino gehiago aurki daiteke Arrueren liburuan.

Baita bizpahiru baino aise gehiago ere.

Horrela, besteak beste, maila adberbioak hain, guziz, txit; ez, ia inoiz, oso izen sintagmaren barnean maiz hartzen duen lekua: ondore guziz gaiztoak (37. or.), toki zeiñ izugarrian (53. or.); norengan saileko kasuak genitiborik gabe eraikiak: gizonak ganako (35. or.); -etatik bat; guzien -enak; horrenbeste bat; zein asko etab. izen sintagmari doazkionetan.

Geroenean, behingoan, bertatik, gehiagoren gehiago etab. adberbioen sailean.

Etorri ez al zen gisakoak, mendeko perpausen sailean...

Artikulu honen helburua ez da, ordea, Arrueren prosaren zer-nolako guztiak, are gramatikari dagozkionak ere, aztertzea.

Aukera zitezkeenen artean zazpi dira lan honetarako hautatu ditudan egitura bereziak.

Aurreneko lauak izen sintagmari dagozkio: (1) gorago aipatu dudan X-rekin Y egitura kopulatibo zaharra; (2) harako ... a/hura/-(e)nean, maila jasoan batez ere gaur egun ere erabilia, baina neurri handi batean oraindik azterkizun dagoena; (3) bere hura, Arruek maiztasun jakingarriz erabiltzen duena; eta (4) -(e)rainoko guzia, balio berezia izan dezakeena.

Beste hirurak perpaus mailakoak dira, hau da, perpaus elkartuari dagozkionak: (5) X ote edo Y ... zen, koordinazio bitxia; (6) -(e)nean egon/geratu, modua adierazteko; eta (7) -(e)na bezala, moduzkoaren itxurapean kausa ere adierazteko balio duena.

Xedea ez da, esan dezadan hau ere azterketan barrena abiatu baino lehen, egitura horien historia ikertzea, etorkia non duten bilatzea, urte eta mendeetan zehar nondik-nora ibili diren mugatzea edota beste hizkuntzekin konparatzea.

Barne azterketa da, nolabait esan, hemen burutuko dena.

Hau da, egituraren beraren zer-nolako gramatikalak aztertuko dira eta argitara ekarri, ahal delarik.

Eta ez da, horrela espero dut, alferreko lan hutsala izango, gainerako ikerketetarako ere oinarri sendoa eskaintzera iristen bada.

2. IS [X-rekin Y]

2.1. Sakonegi aztertua izan ez bada ere, behin edo beste aipatua izan da orain baino lehen IS [X-rekin Y] gisako egitura kopulatiboa.

Aiputan hartu zuten lehena, oker ez banabil, Mitxelena izan zen (1964:122 hh.): egitura honen kasu bat aurkezten du, Ene veguiacaz vioçeen artean, eta sorprendente construcción dela dio, bide batez, egitura bera daramaten XVI. eta XVII. mendeetako beste bizpahiru testu aipatzen dituelarik.

Aurrerago, Mitxelenak berak (1978: 228) Iztuetaren testu bat aipatzen du, egitura bera are nahasiago duena, posposizioa izen lagun eginik agertzen bait da, Irizar-equin maizterraren arteco aucia, eta parece una manera más bien retorcida de decir algo que se puede expresar de modo mucho más simple y directo (...).